
B JUBENILA 0 – 1 REAL SOCIEDAD B SAD
Gazteen Maila Nazionaleko 31. Jardunaldia zen jokoan eta beteta zegoen Berio futbol zelaian benetan zirraragarria zen partida zuen aurretik geure bigarren taldeak. Partida berdindua izan zen oso baina hiru puntuak eskuratu zituena talde txuri urdina izan zen, bigarren zatian geure nahaste bat probestuaz gol on bat sartuaz. Hortik aurrera geure taldea saiatu, saiatu zen eta gerturatze onak izan zituen bisitarien areara baina ez zen agian merezi genuen gola iritsi. Errealak ere aukera onen bat edo beste ere eduki zuen, jaurtiketa bortitz batek langan eman baitzuen besteak beste. Lana eta esfortzua ona izan zen mutilak, baditugu beraz harro egoteko arrazoiak ere.
URDANETA CD 2 – 1 C JUBENILA
Loiu inguruan bertako ikastola ospetsuan jokatutako neurketan ezin izan genuen punturik batu, nahiz eta Lucasek sartutako gol bati esker markagailuan aurreratzeko parada izan genuen. Atsedenera 0-1ko markagailua alde genuelarik iritsi ginen baina ordea bizkaitarrek hau iraultzea lortu zuten eta 2-1ko emaitzarekin amaitu zen neurketa Loiun. Haientzat berebiziko garaipena zela nabaria izan zen bigarren zatian eta horrela ia ziurtatu dute Euskal Ligan aritzea datorren denboraldian. Geureei dagokionez, datorren astean beste bisita bat dugu Bizkaia aldera, kasu honetan Getxoko Romo FC izanen dugu aurrean.
A KADETEA 1 – 0 ABETXUKO A.D.C.
Partida trabatua jokatu zuen Euskal Liga mailan dabilen geure kadete adineko taldeak. Ez zituen kontuak batere errazak jarri Gasteizko Abetxuko auzoko taldeak. Egia esatearren, jakin bagenekien ez zela batere erraza izango lehia, hauek igo berriak izanagatik txapelketa bikaina egiten ari baitira. Taldea lehen zatian aurreratu zen partidan Danelek egindako golarekin eta hortik aurrera oso sendo agertu zen defentsa lanetan ere. Beraz, merituzko garaipena izan zela esan dezakegu ezbairik gabe eta sailkapeneko zazpigarren postu batean kokatu gara, azkeneko jardunaldia jokatzeko besterik falta ez denean.
REAL UNION CLUB SAD 2 – 2 B KADETEA
Partida ona jokatu zuen oso Iruneko Gal Stadiumeko anexoan Ohorezko Mailako Kadete taldeak. Hiru puntuak oso oso gertu izan genituen eta partidako azken txanpan ihes egin zuten geldikako jokaldi bat probestu baitzuten irundarrek. Markagailuan aurre hartzea lortu genuen lehen zatian Iñigok sartutako gol baten ondorioz eta azken unerarte 1-2ko emaitza alde genuen, zorigaiztoko jokaldi hori iritsi baino lehen. Bada, ezin izan genion abantailari eutsi eta azkenerako puntu banaketa Irunen. Ordea, lan oso oso txukuna egin zuen taldeak, astean zehar partida ongi prestatu genuen eta bertan azalarazi genituen landutako eta jorratutako hobekuntza alderdiak.
MARTUTENE KE 0 – 0 A INFANTILA
Hutseko emaitza izan genuen Martutenen jokatutako infantil mailako partidan. Markagailuak dena esaten duela esan dezakegu eta lehia oso estua izan zela dirudi. Puntu honekin geure taldea lidertzan mantentzen da, bigarren sailkatuari lau puntuko abantaila ateratzen diolarik, txapeldunen fasea amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean. Beraz eta, hortzak estutu beharrean gaude aste hauetan eta azken faserako txartela lehenbailen lortzen saiatu. Duda izpirik gabe, denboraldia eta oro har ikaskuntza, positiboa izaten ari da oso.
B INFANTILA 3 – 1 REAL UNION CLUB SAD
Lehen urteko infantilak ere etxekolanak oso egoki egin zituen larunbata goizean jokatutako neurketan. Real Unionek aurrea hartu zuen markagailuan eta geureek buelta eman behar izan zioten partidaren emaitzari. Ez zen beraz lehia erraza izan nahiz eta geure gaztetxoek ongi ebatzi zuten erraza egin ez zitzaigun egoera. Horrela bada, eta bi jardunaldiren faltan lehen postua dugu sailkapenean eta datorren astean bigarren sailkatuari eginen diogu bisita. Ongi prestatu beharko gara, beraz.

