Elgoibarren jokatuko du Endika Moralesen taldeak ligako 28. Jardunaldiari dagokion partida larunbatean 15:30etan. Liga amaitzeko geroz eta gutxiago gelditzen den arren, urdinek ez dute azken hitza esan eta ondorioz azken partidako azken segundu arte borroka egingo dute helburu gorena lortzeko.
Jardunaldi honetan Mintxeta zelai zoragarrian jokatzeko aukera izango dute neskek. Ez dago bolada onean talde zuri-gorria emaitzei dagokionez, baina gogor dihardute lanean puntuak berriz eskuratzeko, eta azken partiduan berdintzetik oso gertu egon ziren Azpeitia bezalako leku zail batean. Joaneko partidan Berion 5-2ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka antiguotarren alde.
Ez dago zenbakiez hitz egin beharrik, duela bi jardunalditik baitakigu lehen bi sailkatuen artean egongo garela bai ala bai, eta hori lorpen handia dugu zalantzarik gabe. Hala ere, sari handienerako aukerak dauden bitartean, talde honek, orain arte bezala, dena utziko du. Aurrera begira, neskak. Ez etsi, eutsi.

