Gizonezkoen lehen taldeak Gazteen Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldia jokatuko du larunbat honetan 17:30ean Berion. Aurkaria Aurrera Vitoria izango da, parekatua eta zorrotza aurreikusten den lehia batean.

 

Talde urdinak garaipenaren bidera itzuli nahi du, denboraldiaren hastapen honetan garaipen bat eta porrot bat lortu ostean. Lehen jardunaldian, taldeak lehen hiru puntuak lortu zituen etxean Danok Baten aurka lehia irauli ostean. Bigarren jardunaldian, ordea, Lezaman sentsazio onak utzi arren, Athletic Clubek 3-0ekoagatik menperatu gintuen, ziur asko ikasteko balioko duen partida batean.

 

Bestalde, Aurrerak bigarren denboraldia jarraian jokatuko du gazteen maila gorenean, iaz mailari aise eutsi ondoren. Denboraldi honetan, oraindik ez du lortu garaipenik Larrabek zuzentzen duen taldeak: San Juanen aurka galdu egin zuen hasierako jardunaldian, eta, irabazteko zorian egon ondoren, bigarren neurketan UD Logroñesen aurka berdindu zuen 1-1eko emaitzarekin.

 

Berdintasuna etengabea izan da bi taldeen arteko azken borroketan. Aurreko denboraldian 2-1eko emaitza errepikatu zen, talde bakoitzak bere zelaian lortutako garaipenarekin. Abuztuan ere jokatu zuten elkarren aurka, denboraldiaurrean, lagunarteko partida batean, baina beti bezala, jokoan puntuak daudenean, intentsitatea eta lehiakortasuna biderkatu egiten dira. Itxura guztien arabera, partida handia jokatuko da Berion, eta etxeko sendotasuna baliatu beharko dugu denboraldi berri honetan batzen eta hazten jarraitzeko.