Emakumezkoen Preferentearen garaipen handia lidergoa sendotzeko, kadeteen porrotak, F11 Infantilaren berdinketa borrokatua eta Infantil F8 taldearen garaipen sendoa. Jarraian, jardunaldiaren laburpen osoa:

 

Intxaurdi 1-5 Gorengo Erregionala

 

Gurruk zuzentzen duen taldeak helburu argi batekin ekin zion Intxaurdiren aurkako lehiari: lidergoari eustea. Hasieratik, Antiguokok bere konbinazio estiloa inposatu zuen, aurkariaren beheko blokea pazientziaz eta hegaletan zabaltasunez mugituz. Iritsierak etengabeak ziren, baina erremateetan asmatzea espero zen. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin markagailua ireki zuen Arik eta handik gutxira Laiak abantaila handitu zuen distantzia erdiko beste gol batekin, 0-2koa atsedenaldian utziz.

 

Bigarren zatian, Ainhoak pase sakon bat baliatu zuen hirugarrena sartzeko, eta Leo hasiberriak laugarrena sinatu zuen penalti puntutik. Intxaurdik aldea murriztu zuen, baina Laia berriro agertu zen 1-5ekoa ixteko. Taldearen konfiantza indartu eta multzoa sailkapenaren gorenean mantentzen duen garaipena. Hurrengo konpromisoa Oiartzunen aurka izango da, jarritako helburuak lortzeko beste proba bat.

 

Hernani 2-1 Ohorezko Kadetea

 

Emakumezkoen Ohorezko Kadeteak porrota jaso zuen Hernaniren aurka (2-1) norgehiagoka orekatu eta lehiakor batean. Lehen zatian, Antiguokok antolakuntza ona erakutsi zuen eta aurkarien zelaian egon zen, baina ez zuen bere etorrerak gol bihurtzea lortu. Bigarren zatia hasi eta berehala, Hernanik aurrea hartu zuen markagailuan, baina uridnen erreakzioa berehalakoa izan zen: Anek partida berdindu zuen bost minutu geroago, talde jokaldi on bati amaiera emanez. Hala ere, 60. minutuan etxekoak aurretik jarri ziren berriro. Andoniren taldea markagailua berdintzen saiatu zen arren, emaitza ez zen mugitu. Partida honek esfortzu eta konpromiso sentsazioak uzten ditu, xehetasunetan hazten eta hobetzen jarraitzeko tartearekin.

 

Lehen Kadetea 0-4 Intxaurdi

 

Zigor handiegia Cotiren neskentzat 68. minutura arte markagailuko emaitza 0-0ekoa baitzen. Lehen zatian taldeak Udaneren pare bat aukera izan zituen, baita Mairen aukera on bat ere bigarren zatian. 68. minutuan intxaurdiak 0-1ekoa sartu zuen zoritxarreko jokaldi batean, eta hortik aurrera taldeak beherakada fisiko eta psikologikoa izan zuen 0-4 gogorra jasotzeko.

 

Infantila F11 2-2 Martutene

 

Infantil F11 taldeak partida zirraragarria jokatu zuen Martutenen aurka, eta izaera eta nortasuna erakutsi zituen azken txanpan puntu bat berreskuratzeko. Urdinak nagusi izan ziren hasieratik, aukerak sortuz eta baloia ondo mugituz, nahiz eta azken metroetan asmatu ez.

Sentsazio onak izan arren, 31. minutuan aurrea hartu zuen Martutenek hegaleko sake baten ondoren, eta bigarren zatian abantaila handitu zuen (0-2) geldikako ekintza batean. Amore eman beharrean, Antiguokok harrotasunez erreakzionatu zuen: Carlak aldeak murriztu zituen taldeko jokaldi bikain baten ondoren eta, dena erabakita zegoela zirudienean, Alejandrak berdinketa lortu zuen azken minutuan. Taldeak, beste behin ere, bere izaera lehiakorra eta fedea erakutsi zuen azkeneraino, bere hazkundea indartzen duen puntu bat batuz. Orain Tolosaren aurkako hurrengo neurketan pentsatu behar da, oso parekatua izango dela agintzen duena.

 

Mariño 0 – +5 Infantila F8

 

Infantil F8 taldeak garaipen sendo batekin itxi zuen lehen fasea, Mariñoren aurka, egiten ari den talde lan bikaina erakutsiz. Hasieratik, urdinak nagusi izan ziren jokoan, eta baloia irizpidez eta eraginkortasunez mugitu zuten erasoan. Taldeak bere gol-gaitasuna eta asteko lanaren emaitza erakutsi zituen, zazpi partidatan zazpigarren garaipena lortuz. Bolada ezin hobearekin, geureek multzoko lehen postuan bukatuko dute eta ilusioz ekingo diote hurrengo txapeldun-faseari, orain arte erakutsitako maila bikaina mantendu nahian.