Denboraldiaurrea hasteko ez da ezer falta, eta horretarako Iñigo Mendia ontziko kapitainarekin hitz egin dugu, hirugarren urtez jarraian teknikari urdin bezala jardungo duelarik. Bi denboraldi ahaztezinen ondoren, tolosarrak lehen taldea entrenatzen jarraitzeko gogo eta ilusio handia duela adierazi du.


Zer suposatzen du zuretzat hirugarren urtez jarraian Ohorezko Mailako buru izateak?

Harrotasun handia eta geroz eta erantzukizun handiagoa. Aurreko bi denboraldietan izandako esperientzia ikusita, klubaren garrantzia oso gertutik ikusten duzu arlo guztietan. Bestalde, klub handi honetako kide izateak eta klubaren barruan dagoen jendearekin bizitzen jarraitzeak familia honen parte izaten jarraitu nahi izatea eragiten du. Guzti hau, kluba osatzen duten estamentu guztien desira eta maitasunarekin batera, bere hurbiltasuna eta maitasuna uneoro jaso baititut.


Zer espero duzu denboraldi honetatik?

Denok ditugu buruan azken bi denboraldiak, eta, ziurrenik, horregatik izango dira berriz ere espektatiba handiak. Ez diot nik uko egingo listoi horri, egiari zor. Ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatuko gara. Gero, lehiaketak exijentziarik handiena du eta bere lekuan jarriko gaitu, baina gutako bakoitzetik ahalik eta ondoena ematen saiatzea ezinbesteko premisa izango da.


Denboraldiaurrea hasteko gogoa duzu?

Horixe baietz! Dena prest daukagu entrenamenduei hasiera emateko. Jokalariak ere gogotsu daude eta taldea eraikitzeko lanean hasteko garaia da. Liga abuztuaren amaieran hasten da, baina aurretik denboraldiaurreko bidea geratzen zaigu entrenatzeko, elkar ezagutzeko eta denboraldiaurreko partidekin prest egoteko.


Zenbat iraungo du denboraldiaurreak eta nola diseinatu duzue?

Bost aste eta erdi dira, eta lehenengo bi asteetan entrenatzeari soilik ekingo diogu. Kontzeptu generikoak bereganatzen joateko funtsezko aldia da. Hortik aurrera, lagunartekoak izango dira taula gainean. Oro har, talde “seniorren” aurkako partidak izango dira. Ohorezko mailakoak edo hirugarren mailako taldeak, exigentzia ere maximoa izan dadin. Asteek 4-5 saio arteko kargak izango dituzte, eta aste batzuetan bi partida izango ditugu. Hortik aurrera, abuztuaren 31ko – irailaren 1eko asteburuan liga hasiko da eta egutegi ofiziala baino ez da falta jakiteko.