
Zumaian ezin izan zen, baina aurrera begiratzeko garaia da. Horretarako, emakumezkoen lehen taldeak Berion jokatuko du larunbat honetan, 15:30ean, Sestao Riverren aurka. Ezin da ekidin, izen hori entzutean, duela urte eta erdi Play Offeko penalti-txanda zorigaiztoko hartan gertatutakoa burura etortzea. Hala ere, zorionez, beste maila batean daude biak, Emakumezkoen Euskal Ligan.
Momentu onean dator Sestaoko taldea, lau partidako boladarekin galdu gabe: etxean Bilbao Artizarrak taldeari irabazi zion, goiko postuetan borrokan ari diren Pauldarrak eta Bizkeneskak taldeen aurka berdindu zuen, eta joan den astean 0-4 irabazi zuen Gasteizen Lakuaren aurka. Zalantzarik gabe, bolada honek bultzada eman die eta atzean utzi dute izan zituzten lau porrotetako sentsazioak.
Moralesek zuzentzen duen taldeak denboraldiko bigarren porrota jaso zuen Zumaian. Hala eta guztiz ere, sailkapeneko goiko postuak lortzeko borrokan jarraitzen dute, eta etxean duten sendotasunarekiko konfiantzari eusten diote, denboraldi honetan oraindik ez baitute bertan galdu. Orain arte, taldeak lau garaipen eta bi berdinketa lortu ditu Berion, eta Sestao Riverren aurka dinamika on hori mantentzea izango du helburu.
Azken finean, partidak sentsazioak berreskuratzeko, golari begira eraginkortasuna hobetzeko eta puntuak batzen jarraitzeko balioko du. Baina, batez ere, jokoaz gozatzeko aukera paregabea izango da, ekaineko egun hartatik zein urrun iritsi den jakinda.
