Aurreko larunbatean garaipen zinez garrantzitsua lortu ostean, Iñigo Mendiaren taldea prest dago hurrengo jardunaldiari ekiteko. Eta ez da nolanahiko erronka izango, izan ere, Puio bisitatu beharko dute gureek Vasconiaren aurka jokatzeko larunbatean 16:00etan. Azken hiru puntuek emandako bultzadaz baliatuko dira partida on bat egin eta beste garaipen bat eskuratzeko.


Arerioa, Vasconia, denboraldi itzela egiten ari da. Errege kopa postuengatik borrokan, egun bigarren sailkatua da, 23 punturekin eta 7 garaipen, 2 berdinketa eta 2 porroteko balantze ikusgarriarekin. Are gehiago, azken bi neurketak izan dira galdu dituen bakarrak. Hala ere, ez dira fidatzen gureak, badakitelako bolada txar hau baino lehenago zer egiteko gai izan den talde amaratarra.


Gureei dagokionez, Santutxuren aurkako garaipenak jeitsiera postuetatik ateratzeko balio izan zuen, eta erakutsitako nagusitasunak baikortasunera garamatza. Taldeak ez ditu merezi bezain beste puntu erdietsi, baina bazekien horrela jarraituz gero puntuak lortzea denbora kontua zela. Entrenamendu aste bikain baten ostean, taldea prest da bere mailarik onena erakusteko.


Finean, partida handi baten atarian gaude, eta giro bikaina aurreikus dezakegu harmailetan. Sinesteko, borrokatzeko eta gora egiteko garaia. Konfidantza eta ilusio osoz, goazen guztiok batera garaipenaren bila.