
Antiguoko K.E.-ko emakumezkoen lehen taldearen Kopako ametsak bizirik dirau. Endika
Moralesen talde antiguotarrak denboraldiko erronkarik handienetako bati egingo dio aurre
larunbat honetan, 18:30ean, Lezamako instalazioetan Athletic Club C taldearen aurka neurtuta,
Emakumezkoen Euskal Kopako final-laurdenetan.
Bilboko taldea da kanporaketako faboritoa. Athletic Club C-k maila goragoko batean jokatu du
aurten eta liga bigarren postuan amaitu zuen. Gainera, aurreko kanporaketan Erandioko Betiko
Neskak FKE menderatuta iritsi da neurketara, maila handian lehiatzera ohituta dagoen eta elite
mailara heltzeko potentzial handia duten jokalariz osatutako talde baten sendotasuna erakutsiz.
Aurrez aurre, ordea, historia egiten jarraitu nahi duen talde urdin handi bat izango dute. Geure
neskek dagoeneko erakutsi zuten euren izaera aurreko kanporaketan, CD Elorrio penaltietan
kanporatu baitzuten emozioz beteriko eta amaiera estuko lehia batean. Garaipen hark konfiantza
eman dio presiorik gabe baina ilusio handiz iristen den talde bati, lehiaketako faborito nagusietako
bati, lehoiei, ezustekoa emateko asmoz.
Jokalari urdinek badakite ia perfekzioa ukitu beharko dutela Lezaman lehiakor izateko.
Defentsako sendotasuna, antolaketa taktikoa eta sortzen diren aukerak aprobetxatzea izango
dira zuri-gorrien erritmoa geldiarazteko giltzarrietako batzuk; izan ere, aurkariaren zelaian
nagusitasuna lortzen duenean oso talde indartsua da Athletic.
Argi dago etxekoen alde egiten dutela zelai-faktoreak eta maila diferentziak, baina Kopak askotan
erakutsi du aurrez faborito ez diren taldeek ere amets egin dezaketela.
Dena prest, beraz, Kopako usaina izango duen eta jokoan asko izango duen neurketarako
Lezaman. Bertan, Antiguoko K.E.-k bere abentura luzatzen eta final-laurden hauetako ezusteko
handienetako bat ematen saiatuko da.
Beste erronda bat, mesedez.
Partida larunbatean izango da, 18:30ean, Lezamako instalazioetako 8. zelaian.
