
Uztailaren 28an Antiguokoren gizonezkoen lehen taldea lanera itzuli ondoren, astelehen honetan, abuztuak 4, klubeko beste hiru talderen txanda izan da. Hauek Berion hasi dute denboraldiaurrea, ilusioz, konpromisoz eta erronkaz betetako ikasturte berri bati hasiera emanez.
Marda zuzendari duen Gazte Nazionalak arratsaldean izan zuen lehen saioa. 2008ko taldea maila gorenean lehiatzeko eta aurreko urteetan erakutsitako progresioarekin jarraitzeko gogoz dator. Euskal Jubenilak ere bere lehen urratsak eman zituen, Julenen gidaritzapean. Honek beste urtebetez jarraituko du 2009ko buru izaten, eta taldeak aurkari zorrotz gisa finkatu nahi du maila zail batean.
Abian jarri zen hirugarren taldea Euskal Kadete mailako taldea izan zen, Iraolaren zuzendaritzapean, pasa den denboraldian erakutsitako errendimendu bikainaren ondoren 2010eko belaunaldiko liderra izaten jarraituko duena. Donostiar teknikari gazteak ikasturte berri honetan hazten eta ikasten jarraitzeko gogoz dagoen talde bati forma ematen jarraituko du.

