Hona hemen urriko hirugarren asteko jardunaldiari dagokion emakumezkoen egituraren atarikoa. Bertan, bi topaketa izango ditugu etxeko gisa eta beste hiru bisitari gisa, gureentzako beste karteldegi zoragarri batean. Lehen taldea Beasainera joango da eta Infantila F – 11 taldeak duen C.D. Hernani-ren aurkako lehia zirraragarria azpimarratuko genuke.


ESKUALDEKO OHOREZKO MAILA

Lehen taldea benetan indartsu dabil eta jokoan izan diren puntu guztiak eskuratu ditu, benetan ilusionatu eta pozten gaituen denboraldi hasiera bikain bat eginez. Aurreko asteburuan aurrera atera genuen lehia ez zen batera erraza izan eta aste honetan jokoan duguna ere ez da batere samurra izanen. Beasaineko Igartza futbol zelai eraberrituan jokatuko dugu egitura eta eskilara osoa duen Goierri Gorri F.K. – ren lehen taldearen aurkako norgehiagoka. Talde gorria urte askoan ibili da maila autonomikoan eta egiari zor, maila berri honi martxa hartzea apur bat kostatzen ari zaiela esango genuke. Egoera honek neurketa are eta zailagoa izatea eragiten du eta badakigu maila oneko jokalariak badituztela Goierriko eskualdean. Beraz, kontzentratuta eta partida on bat egiteko asmoaz goaz hara. Jarrai dezagun puntuak etxera ekartzen.

Partida larunbatean 16:00 tan Igartza futbol zelaian (Beasain).


KADETEEN OHOREZKO MAILA

Partida lehiatua eta benetan borrokatua espero dugu igande arratsean La Salle-ko futbol zelaian jokatuko den geure taldearen eta Tolosa C.F. talde urdinaren artean jokatuko dena. Geureek partida ia biribila egin zuten aurreko astean eta joko maila on horri eutsi nahi diote sailkapenean gora egiteko helburuarekin. Aurrean tolosarrak izanen ditugu, puntu bat aurretik doan taldea hain zuzen ere eta partidarik galdu ez duena. Erronka handia beraz geure jokalarientzat postuak aurreratu eta gora begiratzen jartzeko. Erakutsi duzuen maila neskak.

Partida igandean 15:30 tan La Salle futbol zelaian.


LEHEN MAILA KADETEA

Cotiren taldeak Urnietan du asteburu honetako norgehiagoka beste hiru puntu batu eta sailkapeneko postu gorenetan ipintzeko aukera probestu nahi duelarik. Hazkunde eta ikaskuntza bikaina eta argia izaten ari du geure taldeak eta asteburuz asteburu bere joko maila hobetuz doa zelai eta partida guztietan. Plan horretan jokatuko dugu norgehiagoka Urnietako futbol zelaian eta etxeko taldea aurrean izanen dugularik. Aukera ona dirudi hiru puntuak urratzeko baina horretarako partida ona egin beharko dugu derrigorrean.

Partida igandean 10:00 tan Urnieta futbol zelaian.

 

INFANTILA F-11

Antiguoko K.E. eta C.D. Hernaniren arteko partida, hots, lehenengo sailkatua eta bigarrenaren artekoa, oso ona izango da ziur. Lehen sailkatuek euren partidak garaipenengatik kontatzen dituzte eta merezita sailkapenaren gorenean kokatzen dira hernaniarrak. Ederra benetan partida beraz Maialen eta Oihaneren jokalarientzat, hiru puntuak lortzeko ilusio bereziarekin aurre egiten baitiote norgehiagokari, eta aipatutako sailkapen-taulan buruan jarri nahi dute. Motibatuta eta gogotsu, ziur gaude maila ona emango dugula, oraingoz jokatutako partidetan bezala. Zorte on eta haien bila.

Partida larunbatean 12: 30ean La Salle futbol zelaian.


INFANTILA F-8

Derbia gaztetxoenentzat Berioko beheko zelaiean larunbatean lehen orduan jokatuko den neurketa berezian. Santo Tomas Lizeoko taldearen aurka neurtuko ditugu indarrak eta horrelako partidak jokatzea, egiari zor, beti dira gustokoak. Lizeotarrek puntu bakarra dute sailkapenean eta geureek beste hiru batu nahi dituzte goikaldean kokatzen diren taldeekin aldea ez galtzeko asmoz. Goiz altxa beharko dugu ohetik baina hori ziur ez dela arazo izango. Animo neskak.

Partida larunbatean 09:00 tan Berio – 7 zelaian.