Pasa den larunbatean partida bakarrera jokatu genuen Gazteen Euskal Kopako final-zortzirenetako kanporaketa. Partida 4 – 5eko markagailuarekin amaitu zen, gol askoko partida batean, eta azken uneetan konpondu zen.


Taldeak ondo ekin zion partidari eta 8. minuturako Nabilek lehen gola sartua zuen eta ez askoz beranduago UDAk berdinketa lortu zuen. Hala ere, taldeak kanporaketaren bila erabakitasunez joateko ahaleginean jarraitu zuen eta horren ondorioz bi aldiz asmatu genuen aurkariaren atean Nabil eta Oinatzen golekin, epaileak atsedenaldirako aldageletarako bidea seinalatu baino lehen. 3 – 1 etxeko taldearentzat, aldeko markagailu horrek ematen zuen lasaitasunarekin.


Aldageletatik bueltan, bere atean sartutako gol batek geureen aldeko errenta handitu zuen, eta partidako aldea bi aldiz murriztu ahal izan zuen Debagoieneko taldeak, 4 – 3ko markagailuarekin iritsiz amaierarako bost minutu eskas falta zirenean. Modu harrigarrian, ia gehitutako denboran bisitarien golak iritsi ziren, hurrengo kanporaketarako txartela emateko balio izan zietenak, azken lauko Finalaren aurretik ere partida bakarrera jokatuko dena.


Egia esan, emaitza ez zen espero zena izan, helburua denboraldi amaieran jokatzen den txapelketa honetan ahalik eta urrunen iristea baitzen eta, beraz, UDA zoriontzea besterik ez zaigu geratzen lortutako garaipenagatik.


Gureei dagokienez, porrotean ikastea geratzen da, euskal kopan errondak gainditu ezin izanaren desilusioarekin batera. Hurrengoan izan beharko du.