Maila handiko partida ikusi ahal izan zen Lezamako Instalazioetan igande goizean, non Athleticen aurka jokatu zuen Unai Gazpioren taldeak Gazteen Euskal Kopako final zortzirenetan. 120 minutuek denetarik izan zuten eta bilbotarrak izan ziren azken minutuan garaipena lortu zutenak.


Bikain hasi zen talde urdina, ohi baino baloi gutxiago izanik baina staff-ak ezarritako planteamendua bikainki garatuz. 4-4-2 zurrun batetik abiatuz defentsa ona eta eraso azkar eta eraginkorrak ikusi genituen geureen partetik. Horren ondorioz, markagailuan 0-2 aurreratzea lortu zuten antiguotarrek Castilloren burukada baten bitartez eta Recalderen gol batekin, azkeneko hau taldearen presio altu eta indartsu baten ondorioz. Athleticek ere bere aukerak sortu zituen, batez ere ezker hegaletik sortutako jokaldien medio. Handik etorri ziren bi golak, minutu baten baitan eta atsedenaldia baino lehenago. Kolpe latza urdinentzat 2-2arekin joan baitziren atsedenaldira.


Sentsazioak, ordea, paregabeak ziren, taldea testuinguru zail horretan bere maila lehiakorrena erakusten ari baitzen. Bigarren zatian lehoiek baloi gehiago izan zuten, baina defentsan sendo aritzearen eta Alainen lan bikainaren ondorioz ez zituzten abagune argi askorik sortu. Gainera, trantsizio batzuetan aukerak sortzeko gai izan zen ere talde urdina. Hala ere, 90. minuturako markagailuan ez zen mugitu eta berdinketarekin beste 30 minutu jokatu behar izan ziren. Taldeak nortasun handia erakutsi eta denbora horretan bikain eutsi zion berdinketari, jakinda penaltietara iristea aukera ona zela ere. Partidaren nondik norakoari ederki aurre egin zioten fisikoki plantillako kide guztiek, zalantzarik gabe. Dena penaltien loteriara bideratuta zegoenean, azken minutuan Athleticek gola lortu zuen eskuin hegaletik egindako erdiraketa batetik.


Amaiera krudela, merezi gabekoa, baina halakoa da futbola, batzuetan eman eta besteetan kendu egiten duelako. Amaiera gogor honekin baina harrotasun handiz agurtu ziren staff-a eta jokalariak, benetan ederra eta berezia izan den denboraldi honi agur esateko. Atseden hartzea tokatzen da, hurrengo denboraldian indartsuago itzultzeko. Lan bikaina, mutilak.