Ohorezko Mailako taldea emozio biziz beteriko jardunaldi baten protagonista izan zen berriro ere, kasu honetan Urola K.E.ren aurkako partidua benetan zirraragarria izan zelarik. Neurketa urolatarren gol goiztiarrarekin hasi zen, 17 minuturen buruan, atzealde urdinaren despistearen ondoren. Kolpe gogorra antiguatarrentzat, etxean aurkaria berriro aurreratzen ari zela ikusi baitzuten, azken bi aldietan gertatu bezala. Lehen zati laua, non urolatarren erdi-beheko blokeak asko zaildu zituen gureak, eta, beraz, desabantaila horrekin iristen ginen etxoletara.


Hala ere, eta beste behin ere, Endika Moralesek zuzentzen duen taldeak ez zituen besoak makurtu, eta bigarren denboran zehar determinazio handia erakutsi zuen, konfiantzarekin partida iraultzen hasteko. Horrela, minutu handi batzuen eta golaren bilaketa nekaezinaren ondoren, baloiaren zirkulazioa lehen ekintzan baino askoz ere altuagoa izanik, markagailua berdintzea lortu zuten 61. minutuan, Sara Gomezen gol bati esker. Erlojua aurrera zihoala, taldeak presioa egiten jarraitu zuen garaipenaren bila, galeraren osteko presio asifixiatzailearekin, aurkariaren edozein trantsizio eragotziz. Lehiaren azken minutuetan, 89. minutuan, Sarak berirro baloia sare barrura bidali zuen baselina batekin atezaina gaindituz. Momentuak euforia piztu zuen harmailetan eta hiru puntuak ziurtatu zituen taldearentzat.


Garaipenak balio handia du, izan ere, emaitza honekin taldeak playoffetarako txartela matematikoki ziurtatu zuen, denboraldi amaierarako bost jardunaldiren faltan iristen den lorpen ikaragarria izanik. Baina mugarri horretatik haratago, gureak taularen gorenean daude eta ondorioz igoera zuzenaren ametsa laztanduz oraindik ere. Azken finean, Urola K.E.ren aurkako partida taldeak zailtasunei aurre egiteko duen gaitasunaren froga izan zen, eta balio ikaragarria duten hiru puntu batu zituen. Arraunean eta amesten jarraitzen dugu, talde honen pertseberantziaren indarrak ez baitu mugarik.