Aurreko astean Jubenil Nazionalaren txanda izan zen bitartean, oraingoan Euskal Kadeteak egin beharko dio aurre zailtasun handiko erronkari (ostirala, 17:00etan, Tabira futbol zelaian, Durangon), Final Fourrari, hain zuzen ere. Asteleheneko zozketan iragarri zen eran, gainditu beharreko lehen aurkaria Athletic Club izango da, eta irabazteak final handirako txartela lortzea suposatuko luke.

Ekainaren erdialdean egonagatik ere, taldea gose handiz dago denboraldia ahalik eta era onenean amaitzeko. Tolosa gainditu ostean, eta aurretik liga erregularrean laugarren postua eskuratuta, hiru egitura profesionalekin lehiatu beharko dute Rubenen mutilek: Athletic, Erreala eta Alaves.

Semifinaletako arerioari dagokionez, Athletic txapeldunordea izan da ligan, eta talentu handiko jokalariak izateaz gain, joko proposamen erakargarria du eta baloiarekin maila goreneko egoerak sortzeko gaitasuna du. Hala ere, urdinek argi eta garbi erakutsi dute ligan zehar talde bilbotarraren aurka lehiatzeko oso gai direla, eta horren erakusle dira Lezaman lortutako berdinketa (2-2) eta Berion bizi genuen garaipena (1-0).

Zailtasunak zailtasun, taldea prest dago finalerdi honi aurre egiteko, eta badaki ilusioa, konfidantza eta elkartasuna ardatz izanik edozer duela posible. Goazen mutilak!