Datorren asteartean, martxoaren 18an, Futbolaren Bidezko Garapen Integralerako Programaren barruan, futbolari gazteek gaur egun dituzten mehatxuei buruzko hitzaldia izango da. Ekimen honi buruz gehiago jakiteko, Kepa Diez, klubeko psikologoa, elkarrizketatu dugu, Jon Ramos Athletic Clubeko emakumezkoen ataleko psikologoarekin batera hitza hartuko baitu La Salleko aretoan.


Zein izan zen hitzaldi hau antolatzeko motibazio nagusia?

Azken finean, hitzaldian landuko diren arrisku egoerak guneroko bizitzan dauden fenomenoak dira, eta erraz ikus daitezke mutilekiko bizikidetzan. Kezkatuta gaude, gai horien presentzia nabarmen handitu delako haien elkarrizketetan eta portaeretan. Ezin dugu alde batera utzi, eragina baitu haren garapenean eta ingurunearekin erlazionatzeko moduan.


Zein dira, zure ustez, futbolari gazteek gaur egun dituzten mehatxu nagusiak?

Kasu bakoitzaren araberakoa izango da, baina kirol-apustuen fenomenoa gure gizarteak behar bezala kudeatzen jakin ez duen arazoa da. Gazteek sarbide errazegia dute, eta, gainera, jarduera mota horrek mendekotasun-harremana sortzeko behar diren osagai guztiak biltzen ditu: bat-bateko haborokina eta aldakorra, lehia-sentsazioa eta kirol-eremuarekiko kidetasuna. Hori guztia dela eta, bereziki erakargarria da haientzat eta, aldi berean, oso arriskutsua.


Nola eragiten dute sare sozialek eta kirol-apustuek jokalarien garapenean? Zer estrategia edo tresna erabil ditzakete familiek beren seme-alabei arrisku horiek saihesten laguntzeko?

Lotura horiek garatzeko arrazoiak eta faseak ezagutzeak familiei garaiz detektatzen eta ahalik eta azkarren jarduten lagunduko dielakoan gaude. Prozesu horiek nola funtzionatzen duten eta gazteak zergatik dauden prozesu horietan harrapatuta ulertzen badugu, jarraibide eraginkorrak ezarri ahal izango ditugu horrelako dinamiketan eror ez daitezen. Informazioa funtsezkoa da modu egokian esku hartu ahal izateko.


Hitzaldiak zer eragin izatea espero duzu gazteengan eta haien familiengan?

Espero dugu arrisku horien kontzientzia hartzen lagunduko duela eta jokalariek eta familiek arrisku horiek kudeatzeko tresnak eskuratuko dituztela. Prebentzioa funtsezkoa da kirolaren barruan eta kanpoan garapen osasuntsua bermatzeko.


Zure ustez, kirol-klubek eta -eskolek gehiago inplikatu beharko lukete gai horiei buruzko hezkuntzan?

Dudarik gabe. Epe luzerako prozesua da, eta, gainera, gure familiak aldatzen doaz denborarekin: batzuek klubean amaitzen dute beren etapa eta beste batzuk iristen dira. Horregatik, gure kirolariek jokalekutik haratago zeharkako konpetentziak garatzea bermatuko duten ekintzak ezartzen jarraitu behar dugu.


Etorkizunean antzeko jarduera gehiago egiteko asmoa al dago arrisku horiei buruz kontzientziatzen jarraitzeko?

Bai, gure helburua gai horiei etengabe heltzen jarraitzea da, gure jokalarien eta haien familien beharretara eta bilakaerara egokituz.