
Badator talde askorentzat azken hilabetea izango dena. Lanak ongi bukatu nahi dituzte eta horretarako guztientzat erabakigarria izango den maiatza ongi hastea egokitzen zaie. Aipamen berezia Euskal Kadetean larunbat goizean jokatuko duen lehia erabakigarria bigarren posturako borrokan.
JUBENIL NAZIONALA
Gernikan egindako partida kaxkarraren ostean Berion jokatuko dute Unai Gazpioren mutilek ligako 31.jardunaldia, jokoan asko duen Santutxu jasoko baitute. Izan ere, jeitsiera postuetatik aldentzeko erabakigarriak diren puntuak ditu jokoan talde bilbotarrak. Hala ere, gureek sentsazio onak berreskuratu nahi dituzte eta helburu horri begira aurreko partidan emandakoak hobetu beharko ditu taldeak. Garaipenarekin 50 puntuko langa gaindituko luke, eta hori denboraldi bikaina burutzearen seinale da, zalantzarik gabe.
Partida igandean 16:00etan Berioko instalazioetan.
EUSKAL LIGAKO JUBENILA
Eduki dezakeen irteera zailena dauka Txakarren taldeak, Mallona bisitatuko baitu Danok Bat liderraren aurka jokatzeko. Talde bilbotarrak iada 70 puntu metatu ditu denboraldian zehar, eta aurreko astean igoera lortu arren lidergoan mantentzeko ilusioa dute oraindik. Bien bitartean, gureek joaneko partidan erakutsi zuten eran, partida borrokatzeko helburu irmoarekin zelairatuko dira, aurreko astean lortutako garaipen garrantzitsuari jarraipena eman asmoz. Zorte on.
Partida larunbatean 15:30etan Mallona futbol zelaian.
EUSKAL LIGAKO KADETEA
Maila handiko lehia Berion ikusi ahal izango duguna larunbat honetan. Izan ere, Portugalete hirugarren sailkatua jasoko du Iker Mendiluzeren taldeak. Ikusgarria portugaletetarrak egiten ari diren denboraldia, igo berria izan arren marka guztiak gainditzen ari direlako, partida guztiak lehiatuz eta puntu asko erdietsiz. Bigarren postu hori ixteko aurrerapauso handia suposatuko luke garaipenak antiguotarrentzat, baina horretarako bikaintasuna ardatz izango duen partida egin beharko dute gureek.
Partida larunbatean 12:00etan Berioko instalazioetan.
OHOREZKO KADETEA
Aurreko asteko garaipenak bigarren postua lortzeko balio izan zion Mikelen taldeari. Lorpen handia izan arren, badakite oraindik bide luzea gelditzen dela aurretik, eta horretarako partidaz partida joan beharko dute. Larunbat honetan Martutenera bidaiatu beharko dute, zaila izango den lehia bati aurre egiteko. Konfidantzatik, ilusiotik eta pasiotik ekin beharko diote konpromezu honi.
Partida larunbatean 11:00etan Martutene futbol zelaian.
INFANTIL HANDI
Larunbat goizean Real Union talde irundarra jasoko dute Mikel Aranbururen mutilek txapeldunen faseko 20.jardunaldian. Bi porroten ondoren, taldeak garaipenaren bidera itzuli nahi du bere etxean. Bien bitartean, Real Union Galen San Marcialen aurka derbya irabazi ondoren iritsiko da. Aupa mutilak.
Partida larunbatean 10:30etan Berioko instalazioetan.
INFANTIL TXIKI
Amaren egunean jokatuko dute Uritzen mutilek Irunen. Izan ere, Real Unionek Galen jasoko du talde urdina. Bolada zinez onean murgildurik dago talde irundarra, azken hiru partidak irabazi baititu. Gureen bolada ere ez da gutxiagorako eta lidergoan mantentzeko borrokan indartsu dabiltza mutilak. Hortaz, horri jarraipena emateko aukera bikaina izango du taldeak igande honetan.
Partida igandean 15:00etan Gal futbol zelaian.