
Pixkanaka denboraldia amaitzen ari den honetan, asko daukate esateko oraindik gure gizonezkoen egiturako taldeek. Partida garrantzitsua Euskal Ligako Jubenilarentzat eta derbia Euskal Kadetearentzat, biak Berion jokatuko direlarik gainera. Dena den, asteburu zirraragarri baten parte diren bi lehia besterik ez dira horiek, ondorengo lerroetan ikusi ahal izango duzuen eran.
JUBENIL NAZIONALA
4 partida gelditzen zaizkio liga erregularra amaitzeko Gazpioren taldeari eta horretarako asteburu honetan gipuzkoatik at jokatuko duen azken partida izango du Urbieta futbol zelaian, Gernikan. Ez dute zortea lagun izan denboraldian zehar bizkaitarrek, eta hori dela eta puntuak batzea kosta zaie. Hala ere, soberan demostratu dute edozein arerioren aurka bikain lehiatzeko gai direla. Hortaz, sailkapenak dioenari kasurik ez eta lanak ongi egin beharko ditugu punturik eskuratu nahi badugu. Garaipenaren bila.
Partida igandean 17:00etan Urbieta futbol zelaian (Gernika).
EUSKAL LIGAKO JUBENILA
Ez daude sailkapenean esperotako tokian Txakarren mutilak, eta postu horietatik ateratzeko partida garrantzitsua du larunbat honetan etxean. Denboraldi zail eta korapilatsu honetan, taldeak Berion gehienetan erakutsi duen maila mantendu nahi du Loyola Indautxu bezalako arerio bat gainditu ahal izateko. Izan ere, talde bilbotarra bosgarren da sailkapenean, urte bikaina egiten ari delarik igo berria izan arren. Mutilak, elkarrekin arraun egiteko unea da, zailtasunetatik beti dugulako zer ikasi. Aurrera.
Partida larunbatean 17:35ean Berioko instalazioetan.
EUSKAL LIGAKO KADETEA
Derbia begibistan Iker Mendiluzeren mutilentzat. Sarrienan bizitako porrotaren ondoren hiru puntuak biltzen saiatuko da taldea, eta horretarako talde amaratarra izango du parean. Joaneko lehian ez ginen punturik biltzeko gai izan, eta espero dugu Beriok ematen duen ohiko indarrarekin garaipena lortu ahal izatea. Bigarren postuan gaude 6 jardunaldiren faltan, eta hor mantentzeko beharrezkoak izango dira batasuna eta konfidantza.
Partida igandean 12:00etan Berioko instalazioetan.
OHOREZKO KADETEA
Talde bat horrelako momentu batean dagoenean, lana primeran egiten ari den seinale da. Mikelen taldearen kasua hau dugu ere. Izan ere, eguneroko lanaren emaitzak asteburutan islatzen ari diren honetan, mutilak gozatzen ari dira eta gogoz eta ilusioz gainezka nabari zaie. Asteburu honetan Orioko jasoko dute etxean. Talde horia beheko postuetatik irtetzeko borrokan dago eta horretarako garaipen gosez zelairatuko da. Gureak, ordea, bigarren postuaren helburuaren atzetik dabiltza eta horretarako badakite ezin dutela hutsik egin.
Partida larunbatean 12:20etan Berioko instalazioetan.
INFANTIL HANDI
Aurreko asteko porrotaren ondoren Zubietan garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira Mikel Aranbururen mutilak. Talde txuriurdina lidergoan kokatzen den arren, joaneko partidan argi erakutsi genuen irabazteko gai garela, 2-1eko emaitzarekin bukatu baitzen norgehiagoka. Hala ere, partida luzea izango dugu aurretik eta horretarako entrenamendu saioetan prestatutakoa bikain islatu beharko dugu 70 minutuetan zehar. Zorte on mutilak.
Partida igandean 10:00etan Zubietako instalazioetan (Lasarte-Oria).
INFANTIL TXIKI
Bolada onean iristen den aurkari bat izango du parean Uritzen taldeak txapeldunen faseko hemeretzigarren jardunaldi honetan. Izan ere, Pasaiak bi garaipen eta berdinketa bat erdietsi ditu azken hiru neurketetan. Hala ere, gureak etxean erakusten ari diren maila bikaina da, eta fase honetan oraindik ez dute galdu Berion. Hortaz, maila berean jarraitu eta lidergora hurbilduko ligukeen beste garaipen baten bila.
Partida igandean 10:30etan Berioko instalazioetan.