
Askotan entzun izan dugu “itsasertzeko heriotzei” buruz, talde batek dena eman ondoren azken unean helburu bat lortzen ez duenean, hain zuzen ere, kasu honetan eta futbolaren munduan askotan gertatzen den eran. Guri dagokigun honetan, ordea, esaldiari ñabardura bat ezarri behar zaio, taldeak atzoko porrotarekin zuzeneko igoerari agur esan baina bizirik jarraitzen duen ametsa lortzeko azken geltokia izango dutelako hemendik bi astera Bizkaian jokatuko den play-offean.
Ezin izan zuen Zumaiako F.T. gainditu Endika Moralesen taldeak igande goizean jokatutako norgehiagokan. Atsedenaldira 0-1ekoarekin joatea zigor gogorregia izan zen taldearentzat, aukera nahikotxo sortu baitzituen, baina atezain zumaiarraren eta asmatze faltaren artean egoera guztiak ezerezean geratu ziren. Gainera, bisitarien esker hegaleko jokaldi on batean 0-1ekoa iritsi zen, 21.minutuan. Esan bezala, sentsazio positiboak nagusi ziren lehen zati amaieran, eta bazirudien horrela jarraituz gero partida iraultzeko gai izango ginela.
Bigarren zatia, ordea, bestelakoa izan zen. Talde gorriak bikain defenditu zuen errenta, eta ez zien antiguotarrei esperantzarako biderik utzi. Gainera, lehia erabakita utzi zuten urrutitik egindako jaurtiketa baten ostean, 57.minutuan 0-2koa ezarriz. Handik aurrera, bihotzarekin buruarekin baino gehiago, eta taldea ezaugarritzen duen jarrera bikainarekin, baina urdinek ezin izan zuten ezer gehiago egin.
Porrot gogorra, urte osoa lidergoaren borrokan egon ondoren eta meritu latzak egin ostean. Taldeak, liga erregularra amaitzeko jardunaldi bat faltan, bigarren postuan amaituko du eta horrek igoera playoff-a jokatzeko aukera emango dio. Hortaz, indarrak batzeko unea da, egin dugunaz eta garenaz harro, aurrera begiratzeko itxaropentsu. Estropetzuak ez dezala ametsa eten.