
Rubenen taldeak pasa den astean Tolosaren aurka liga amaitu ondoren, arerio bera izango du larunbat honetan 17:30etan Euskal Koparen lehen kanporaketari ekiteko. Hala ere, kasu honetan Usabalen izango da norgehiagoka, eta kanporaketek dituzten ezaugarriei jarraiki, galdu eta irabaztearen arteko distantzia bereziki handia da, eta kanporatzeak denboraldi ahaztezin baten amaiera suposatuko luke.
Dena den, taldea konfiantzaz josita dago datorrenari aurre egiteko. Liga zapore eskasarekin amaitu arren, ibilbidea oparoa izan da eta mutilek eskaini dutena kalitate handikoa izan da. Horren adierazle izan da erdietsitako 4.postua, nahiz eta hori orain iragana izan eta orain etorkizun hurbila ametsez beteta egon.
Ez da nolanahiko arerioa Tolosa, izan ere, talde urdinak txalotzeko denboraldia egin du. Igo berria izan arren, 6.postua erdietsi dute eta martxotik daramate galdu gabe. Gainera, Usabalen, beraien feudoan, soilik bi partida galdu dituzte, horietako bat geureen aurka. Ondorioz, etxean fin aritzen den talde bat izango dugu aurrean.
Baina horrelako erronkei aurre egiteko prest daude gureak, eta badakite defentsan sendo eta erasoan aukera bakoitza asmatzeko prest egon beharko dutela. Ondo egin dugu lan astean zehar eta orain hori zelaian islatzea egokitzen zaigu.
Erronka berria, aukera berria.