
Infantil F-11 taldeak lortutako garaipena izan da azpimarragarriena asteburu honetan, larunbatean liderra gainditu baitzuen. Hortik aurrera, porrot gogorra jaso zuen Ohorezko Kadeteak Zubietan, garaipena lortu zuen Irunen Jonen taldeak eta 3 puntu Cotiren taldeak igande arratsaldean La Sallen.
REAL SOCIEDAD S.A.D. 7 – 0 OHOREZKO KADETEA
Gurruren taldeak porrot gogorra jaso zuen etxekoak nagusi izan ziren partida batean. Taktikoki ondo kokatuta egon arren, Errealak gola sartu zuen izan zuen lehen aukeran, eta hortik aurrera zaila izan zen txuriurdinen erasoko armategia gelditzea. Jarraitzera eta hurrengo partidan pentsatzera, neskak.
LEHEN MAILAKO KADETEA 1 – 0 LAGUN ONAK C.D.
Merezitako garaipena Cotiren taldearentzat. Oso ondo hasi zen norgehiagoka, taldeak maila bikaina eman baitzuen baloia jokatzerako orduan, aukera ugari sortuz eta aurkaria mugituz espazio onak aurkitzeko. 7. minuturako Anzaren gol batekin aurreratu zen talde handia. Hala ere, 33. minutuan Naila atezaina kanporatzea kolpe handia izan zen gureentzat.
Amore eman beharrean, neskek antzeko maila erakutsi zuten, eta ez zuten gutxiagotze numerikoa gehiegi nabaritu. Txukun eta oldarkor defendatu zuten, bigarren gola ere bilatuz. Horrela, bigarren postuari eusteko garaipena ziurtatu zuten.
INFANTILA F-11 3 – 0 INTXAURDI K.E.
Garaipen zirraragarria eta merezitakoa Maialen eta Oihaneren taldearentzat, Intxaurdi taldearen aurka. Berion jokatu zen partida eta publikoa ilusioz gainezka joan zen partidu horretara, bi puntura baino ez zegoen aurkaria baitzen. Garaipenaren ondoren, lider jarri gara liga gure eskuetan dugula.
Partida nahiko kaotikoa izaten hasi zen, kontrol gutxirekin eta akats ugarirekin. Defentsa lan on baten ondoren, Amaiaren pase on batekin Ainhoaren mugimendu perfektura eta ondoren honen asistentziarekin, Ane Murillok 6. minuturako markagailua ireki zuen (1-0). Aldeko emaitzarekin, talde urdinak defentsan sendotasuna eta kontzentrazioa erakutsi zuen 70 minutuetan. Gainera, baloiarekin nagusi izan ziren eta Ainhoak eta Itxasok 3-0erako sartutako golei esker jarduna eta eguna borobildu ahal izan zuten. Talde honek ez du mugarik eta beste behin erakutsi dute jokalari hauek maisuki lan egiten dutela ilusioa bizirik mantentzeko.
140 minutu liga eskuratzeko.
LANDETXA C.D. 0 – 3 INFANTILA F-8
Garaipena Jonen taldearentzat, oro har aurkaria baino gehiago izan zen partida batean. Defentsan lan handia egin zuen talde urdinak, sendotasuna eta indarra erakutsiz, Landetxa bezalako irundar talde landu baten aurka sartutako golak errentagarri bihurtuz. Bigarren postuan jarraitzeko hiru puntu, denboraldiaren azken txanpan.