Denboraldiko azken hilabetean sartuko gara asteburu honetan, eta prest ditugu gure lau taldeak euren onena emateko. Aipatzekoa Maialen eta Oihaneren Infantil F-11k aurretik duen partida zinez erabakigarria lidergoaren borrokan Berion larunbat goizean. Zorte on guztioi.


OHOREZKO KADETEA

Denboraldiko azken irteera egokitzen zaio Gurruren taldeari, eta ez da erronka makala aurrean duena, inondik inora ere. Izan ere, Errealaren aurka jokatuko du Zubietan larunbat goizean. Talde txuri-urdinak denboraldiko partida guztiak irabazi ditu, lor zitezkeen puntu guztiak bildu dituelarik. Hortaz, erronkarik zailena dugu neskentzat. Taldeak konfidantza eta ilusioarekin aurre egin beharko dio lehiari testuinguru berezi honetan aurpegia eman eta disfrutatzeko.

Partida larunbatean 10:30etan Zubietako instalazioetan (Lasarte-Oria).


LEHEN KADETEA

Rezolan jasandako porrot gogorraren ostean Berion jokatuko du berriro Cotiren taldeak, Lagun Onak talde azpeitiarra jasoko baitu igande arratsaldean La Sallen. Denboraldi bikaina egiten ari diren arren, aurreko astean gehiago merezi izanaren sentsazioa dute neskek, baino aurrera begiratu eta lanean orain arte bezala jarraitu beharra dago. Gainera, adi egon beharko dugu, azpeitiarrak azken bi partidak irabaztetik baitatoz. Animo neskak.

Partida igandean 18:30etan La Salleko futbol zelaian.


INFANTILA F-11

Liderra jasoko du Maialen eta Oihaneren taldeak larunbat honetako partida handian. Bi taldeen zenbakiak izugarriak dira, Intxaurdik dena irabazi baitu bi berdinketa kenduta eta gureek beste hainbeste egin dute, baina berdinketa bat gehiagorekin. Hortaz, bien arteko aldea bi puntukoa besterik ez da, eta lehia benetan orekatua espero da. Hala ere, guztion bultzadarekin eta talde honek erakusten duen ilusio zein grinarekin, espero dugu puntuak etxean gelditzea eta hainbeste desio dugun lidergoa lortzea. Aupa neskak, zuekin gaude.

Partida larunbatean 9:00etan Berioko instalazioetan.


INFANTILA F-8

Irunera bidaiatu beharko du Jonen taldeak larunbat goizean Landetxaren aurkako partida jokatzeko.  Ez dago bolada onean etxeko taldea emaitzei dagokionez, eta horregatik puntu gosez zelairatuko dira berdegunera. Gureak, ordea, Allerruren aurka sufritu zein landutako partida irabaztea lortu ondoren, bigarren garaipena jarraian eskuratzen saiatuko dira. Zorte on.

Partida larunbatean 9:30etan Ugalde-Ventas futbol zelaian (Irun).