Hainbeste esperotako eta sarritan amestutako partida bizi ahal izango du Uritzen taldeak Ubitarte futbol zelaian, Andoainen, larunbatean 12:30etan jokatuko den norgehiagokan. Izan ere, final handia jokatuko du talde urdinak denboraldi bikaina egin duen Beasainen aurka.


Multzoko lidergoa azken jardunaldian eskuratuta eta lan andana egin ostean, talde urdinak ilusio handiz ekingo dio erronka honi. Partida bakarrera txapelketa jokatzea testuinguru berria izango da jokalarientzat, eta ziur gaude duten maila eta konpromezua erakusteko aukera izango dutela.


Hau da hautatu dugun bidea, hau da nahi genuen bidea, eta honera iritsi ondoren mezua argia da: disfrutatu merezi izan duzuen hori. Ametsa egi bihurtzeko urrats bat gelditzen den honetan, zalego urdinari dei egiten diegu gure Infantil Txikia bultzatu eta animatzeko larunbateko lehian. Zorte on!