Gipuzkoa mailako txapelketak bueltan dira bi asteren ostean. Era horretan, talde guztiek lehiatuko dute asteburu eguzkitsu honetan. Aipatzekoak bi kadeteek Berion jokatuko dituzten neurketak eta Infantil Txikiaren derby handia.


JUBENIL NAZIONALA

Gazpioren mutilek jokoan asko duen Getxo bat jasoko dute Berion igande arratsaldean. Ez dira bolada onean gureak emaitzei dagokionez, baino ezin dugu ahaztu talde honek, aurrez, zer eta nola lortu duena. Akatsetatik ikasiz eta garenaz harro, garaipenaren bidera itzultzen saiatuko da taldea, jakinda aurrean izango duen talde lehiakorra akatsak zigortzen jaioa dela, joaneko partiduan (3-1 getxotarren alde) ikusi ahal izan genuen eran. Konfiantza, ilusioa eta pasioa datorrenari aurre egiteko. 

Partida igandean 17:50ean Berioko instalazioetan.


EUSKAL LIGAKO JUBENILA

Irteera benetan zaila Txakarren mutilek aurretik dutena. Izan ere, Iparraldeko zelaia bisitatu beharko Dute Indautxu bezalako talde handi bati aurre egiteko. Bilbotarrak denboraldi hasieran markatu zuten helburuaren gertu daude, emaitza bikainak erdietsi baitituzte denboraldian zehar, fidagarritasun eta intentsitate mailak ezin altuago ezarriz. Gainera, etxean oso eroso sentitzen den talde bat dugu, presio altuarekin eta baloiarekin duten joko bertikalarekin edozein aurkariri zailtasunak jartzeko gai izanik. Gureak etxean lortutako garaipen borobila errepikatzen saiatuko dira testuinguru zail honetara egokituz, jakinik pazientzia, orden eta asmatzearekin hiru puntuak auzora ekar ahal dituztela. 

Partida larunbatean 19:30etan Iparralde futbol zelaian (Bilbo).


EUSKAL LIGAKO KADETEA

Bigarren postuaren defentsan tinko dabiltza Iker Mendiluzeren mutilak eta helburu horri eusteko asmotan zelairatuko dira Berion Alavesen aurka jokatuko duten norgehiagokan. Joaneko partiduan maila handiko lehia bat bizi genuen eta emaitza 2-2koa izan zen. Honetan, ordea, Beriok bere bultzada ematea espero dugu puntuak guretzat izan daitezen. Arerio bikaina, eguraldi ona eta taldea ilusioz eta konfiantzaz gainezka egotea dira  partida handi honen osagaietako batzuk. Denboraldi ahaztezin honen azken txanparen hasiera.

Partida igandean 10:40etan Berioko instalazioetan.


OHOREZKO KADETEA

Mikel Valcarcelen taldea gogotsu dago ligari berrekiteko, aste honetan ikusi ahal izan dugun eran, partida benetan zirraragarri bat duelako aurretik. Azken batean, gureak eta oiartzuarrak laugarren eta bosgarren sailkatuak dira, eta bien arteko desberdintasuna 2 puntukoa besterik ez da. Hortaz, partida berdindua aurreikusteaz gain, lehiatua eta detaile txikiengatik erabakiko dena, sailkapen terminoetan garrantzi handia izango du ere. Konfiantzatik eta borrokatik, hasieratik amaierara bikainki landu beharko den partida izan beharko da. Zorte on.

Partida larunbatean 12:10etan Berioko instalazioetan.


INFANTIL HANDI

Touring errenteriarraren Fanderia zelai atsegina bisitatuko du Mikel Aranbururen taldeak larunbat eguerdian. Mutilek Carza Txapelketa irabazi zuten eta ilusioz gorenean daude faktore horren medio. Hortaz, espero dugu txapelketako sentsazioei ligan jarraipena ematea, arreta handiz jardun beharko den lehia batean, Touringek etxean bere mailarik onena erakusten duelako.

Partida larunbatean 13:30etan Fanderia futbol zelaian (Errenteria).


INFANTIL TXIKI

Liderra bigarren sailkatuaren aurka. Esaldi horretan laburbildu daiteke Berion larunbat goizean izango duguna. Uritzen taldeak bost puntu ateratzen dizkio denboraldi bikaina burutzen ari den Arrupe Chaminaderi, baina badaki garaipen batek abantaila handia emango liokela eta horren bila joango dira hasieratik. Taldea gogotsu dago eta, gainera, aurreko astean Leioako txapelketa irabazi egin zuen; ondorioz, bolada on horri jarraipena emateko irmotasun osoz zelairatuko dira.  

Partida larunbatean 10:40etan Berioko instalazioetan.